Prentsa Aretoa
2016/06/15
Ortuzarrek salatu du Euskadi lauko eztabaidan “hauteskunde-trofeo” gisa baino ez zutela aipatu
EBBren presidenteak, Itxaso Atutxak eta Aitor Estebanek ekainaren 26ra begira mugitzeko deia egin dute Basaurin, Espainiako lau alderdiei eman beharreko erantzun gisa “euskal emakume eta gizonez ahaztu direlako”.
Andoni Ortuzar. Mitina Basaurin (2016-06-15)
HITZALDIA - 2016/06/15Aitor Esteban. Mitina Basaurin (2016-06-15)
HITZALDIA - 2016/06/15Itxaso Atutxa. Mitina Basaurin (2016-06-15)
HITZALDIA - 2016/06/15
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Mariano Rajoyk, Pedro Sánchezek, Pablo Iglesiasek eta Albert Riverak iragan astelehenean parte hartu zuten lauko eztabaidaren itxura eta funtsaren kontra hitz egin dute gaur Basaurin “Espainiako lau alderdiek beraien artean banatu zuten programazio osoa, eta inolako aitzakiarik gabe kanpoan utzi gintuzten. Eurovisionen bezala: ikurrina kanpoan utzi zuten. Eta Eurocopan bezala. ‘Gorriak’ baino ezin baitu parte hartu”. Basaurin gaur arratsaldean egin den ekitaldi politikoan, zeinetan Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren buruak eta Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak ere hitz egin duten, Ortuzarrek espainiar alderdiek Euskadi ahaztuta eta baztertuta utzi dutela salatu du, ez bakarrik “ikuskizun” horretan, baizik eta kanpaina osoan ere. “Inork entzun du ‘Euskadi’ hitza Espainiako lau alderdietako buruen ahotan? galdetu du. “Astelehenean lipar batez entzun genuen eta hizlari berberak esan zuen, konkistatzailearena egiten, gainera, ‘Euskadin irabazi dugu’ hirutan esanez”. Jarrera harroputz horren aurrean, jeltzaleen buruak apaltasun politikoa eta herritarren borondatearekiko errespetua eskatu du. “Kontuz Euskadi hauteskundeetako trofeo gisa erakustearekin. Lehenago egin zuten Felipe Gonzálezek, Zapaterok, Bilduk ere duela lau urte… eta begira orain non dauden. Euskal herritarren borondatea herritarrena da. Hemen bizi den jendearena. Ez beste inorena. Ez EAJrena, ezta more koloreko horiena ere, demokrazia eurekin sortu zela pentsatzen duten arren. Kontuz handikeriarekin, kontuz harropuzkeriarekin. Baina, lasai, herriak badaki, herriak bakoitzari emango dio dagokion lekua”. Ortuzarrek esan du “eztabaida astun hura jasan ondoren” bere ondorioa argi baino argiago duela: “Ez dira fidagarriak, denek gezurra esan zutelako, ez dute erantzunik euskal arazoak konpontzeko eta ez dute Herri honetan pentsatzen. Beraz, gu geurera, gu geureari eustera, ezberdinak garela erakustera. Guk geure kabuz konponduko ditugu gure kontuak”.
Ortuzarrek deitoratu duenez ez Rajoyk, ez Sanchezek, ez Iglesiasek ezta Riverak ere ez dute hitz egiten euskal altzairuak Txinak egiten duen konpetentzia desleialarekin duen arazoaz; ez dute hitz egiten argindar tarifa murrizteko beharraz, gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko, ezta Frantziaren eta espainiar mesetaren arteko abiadura handiko trenbidea lortzeko beharraz ere. “Rajoyk hitzeman du AHT Extremadurara eramango duela. Ondo deritzogu abiadura handiko trena Palentziara iristeari. Cuencak, Ciudad Realek, Zamorak, Guadalajarak, Leónek badute abiadura handiko trena. Geltokiak dituzte Calatayuden, Tardientan, Requenan, Villenan, Villanueva de Córdoban eta Puente Genilen. Bien bitartean, Euskadi zain dago. Hilarako azkenak gara. Ez lotunerik penintsularekin ezta Europarekin ere. Atzerapenak eta bete gabeko aginduak” salatu du.
Baina, Euskadi ahaztu dutela albo batean utzita ere, Ortuzarrek argi eta garbi utzi nahi izan du euskal emakume eta gizonek aukera ona dugula, aukera eraikitzailea, baikorra, herri osoarentzat. Aukera hori EAJ-PNV da. “Telebistako tarteak kendu ahalko dizkigute, baina ez gaituzte isilaraziko, ez gaituzte ahotsik gabe utziko. Gure konpromisoa hemen dago. Lana hemen sortzean. Kalitatezko lana, iraunkorra eta ez prekarioa. Gure lana gure gazteen prestakuntza hobetzea da. Hazteko aukerak bilatzea, gizabanako gisa eta lanbide esparruan. Gure ardura familien ondoan egotea da. Pentsiodunen ondoan egotea, gaurko pentsiodunen eta biharko pentsiodunen ondoan. Guk geuk kudeatu nahi ditugu gure pentsioak. Guk gure lan politikoa lanean egiten dugu, ez telebistako platoetan. Gure jarduna da enpresak hona ekartzea, hemen geratzea eta hemen haztea lortzeko lana egitea. Gu ez gara aldatu. Betikoak gara eta egunetik egunera udaletan, aldundietan, Eusko Jaurlaritzan herri hau bizirik mantentzeko lana egiten dugu. Euskadi bizirik, milaka emakume eta gizonen esfortzu eta lanarekin garatzen den herria. Hori da guretzat ‘euskal agenda’. Herri baten bultzada. Espainiako lau alderdi handiek eztabaidan ez ezik hauteskunde kanpaina luze honetan ahaztuta utzi duen herriarena”.
Itxaso Atutxak, BBBren presidenteak, bere aldetik, alderdikide guztiei egin nahi izan die mugitzeko dei berezia “hauteskunde hauek euskal emakume eta gizon guztienak direlako”. “EAJ kalean egongo da egunero hemendik eta ekainaren 26ra geratzen zaizkigun egun guztietan. Azken etxeraino helduko da, azken pertsonarengana helduko da, hiritargoari gure etorkizuna jokoan dagoela esateko”, “gure autogobernua, gure pentsioak, gure ongizatea edo gure gazteen heziketa arriskutan daudelako” ohartarazi du. “Guretzat -jarraitu du- lehenik Euskadi dago. Garrantzitsuena gurea babestea da. Gure eskubideak boto orri baten bidez babestea eta blindatzea. Eta hori Euzko Alderdi Jeltzalearen alde bozkatuaz egiten da”. Horregatik “auzorik auzo joan behar dugu, etxerik etxe, Euskadiren aldeko paperak banatzen, etorkizunerako paperak ematen. Herri honekin konpromisoa hartzeko ordua da. Guk egin ezean ez du inortxok egingo. Herri honek merezi du. Herri honek onena merezi du, Madrilen ere bai. Herri honek EAJ merezi du” esan die Basauriko Solobarria enparantzara hurbildu diren alderdikide eta alderdizaleei.
Aitor Estebanek, ekainaren 26ko hauteskundeetarako Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu jeltzaleak, bere aldetik, zera baieztatu du: “Ez Marianok, ez Pedrok, ez Pablok, ez Albertek ere ez dituzte herritarrei benetan interesatzen zaizkien gaiak aldarrikatuko, aurkeztuko edo kudeatuko” eta baieztapen horren adibide gisa aipatu du AHT Bilbora sartzea Basauriko herrigunetik igaro gabe edo Pozokoetxe Trenbide Zabalgunea berreskuratzeko lanak, basauritarrek hainbatetan eskatu dituztenak eta jeltzaleek beste gauza batzuekin batera Madrilen egindako lanari esker lortu dituztenak. Zentzu berean euskal herritar guztiei eskatu die “geureari eustea eta EAJ-PNVri bozkatzea”. “Gure erreferentzia dira Basauri, Galdakao, Etxebarri edo Arrigorriaga; azken finean, Euskadi da gure helburua. EAJrengan konfiantza baduzue hemengo erakundeak zuzen ditzan, herri hau hazkunde bidean jar dezan eta gizarte zerbitzuak kudeatu ditzan, berdin berdin bozka ezazue lortutako hori guztia defendatzerik izan dezagun” amaitu du.
Nabarmenak...
BBB
2024/09/13
EBB
2024/01/27
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27