MUNGIA

Prentsa Aretoa

2024/09/13

Itxaso Atutxa: “Mungiako Batzokiaren inaugurazioak EAJ hurbil bat dakarkigu gogora, martxan dagoena, Alderdi Egun oso berezi bat ospatzeko prest dagoena”

“Batzoki bat irekitzea harro egoteko moduko gauza izaten da beti”, esan du Bizkai Buru Batzarraren buruak jeltzaleen egoitza berri baten irekiera ekitaldian izan diren dozenaka alderdikide eta alderdizaleen aurrean. “Gaur bete da duela 11 urte sortu zen ametsa”, esan du Iñigo Bilbaok, Mungiako Uri Buru Batzarraren lehendakariak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Batzoki berri bat inauguratzeak EAJ hurbil bat dakarkigu gogora, martxan dagoena, irailaren 29an Alderdi Egun berezi bat ospatzeko prest dagoena”. Hitz hauekin definitu du Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren buruak Mungian Batzoki berri bat inauguratzeak talde jeltzalearentzat dakarren guztia, gaur bertan inauguratu baita egoitza berria. “Egun pozgarria da gaurkoa. Euzko Alderdi Jeltzale osoarentzat ilusioa dakarrena, eta oso bereziki Bizkai Buru Batzarrari. Batzoki berri bat zabaltzea beti da harro egoteko moduko gauza, Batzokiak izan dira betidanik euskal abertzaletasuna antolatzeko eta zabaltzeko tresnarik onena”, azpimarratu du Atutxak gaurko ekitaldian, inguruan izan dituelarik dozenaka alderdikide eta alderdizale. Talde jeltzalearen egoitza berria Aita Arrupe kaleko 1. zenbakian egongo da aurrerantzean eta inaugurazio ekitaldian izan dira besteak beste Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren burua, Mungiako alkate Alaitz Erkoreka, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, EBBren idazkari Mireia Zarate, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako sailburua, Ager Izagirre foru diputatu eta Mungiako alkate ohia, Leixuri Arrizabalaga foru diputatua eta Iñigo Urkullu Lehendakaria.

Atutxak gaurko ekitaldian azpimarratu duenez, “Mungiako Batzokia kalean egongo da, Mungiako herritarrengandik hurbil. Aldaketa honek ondo baino hobeto erakusten du Alderdi gisa ere egin nahi duguna: herritarren zerbitzura jartzea, hurbiltasuna, herritarren beharrekiko enpatia erakustea, konpromisoa eta inplikazioa gure herrietako ekimenekin. Horiek dira EAJren eta bere barne zein herri ordezkarien jarduna definitzen duten ezaugarriak. Ziur nago asmatzen jakingo dugula. Euskal hiritargoari entzuten jakingo dugu, batzokiak izan dira, dira eta izango dira kaleko bizitzarekin konektatzeko antenarik onenak, gure leihoak eta ateak zabal-zabalik daudelako”. BBBren buruak ildo beretik azpimarratu duenez, “Batzoki berri hau irekitzen dugu Alderdiaren urteko jai nagusiaren bezperetan”, eta alderdikideak eta alderdizaleak deitu ditu irailaren 29an egingo den Alderdi Egun berezian izatera. Berezia izango da EAJ-PNVren IX. Batzar Nagusirako abiapuntua izango delako. “Zain izango gaituzue Forondan. Denon zain izango naiz, askatasunez eta batasunean parte har dezagun gure bederatzigarren Batzar Nagusian amaiera izango duen prozesuan”.

Iñigo Bilbao Mungiako Uri Buru Batzarraren presidenteak bere aldetik aldarrikatu duenez, “gaur lortu dugu duela 11 urte hasi zen ametsa. Harro gaude, esker onez, ilusioz beteta eta gogotsu hasten dugun etapa honekin”. Bilbaok bere esker ona adierazi du eta “bihotzez” eskertu die ahalegina “amets hau errealitate bihurtzen” lagundu duten guztiei.

  Berri ikusiagoak...