Prentsa Aretoa
2026/03/24
Mungiako EAJ-PNVren Uri Batzarrak Alaitz Erkoreka Baraiazarra aukeratu du 2027rako alkategai
Egungo alkateak jeltzaleen afiliazio osoaren babesa jaso du, eta ilusioz, arduraz eta konpromisoz ekingo dio erronkari.
Atzo Mungiako Batzokian egin zen EAJ-PNVren Batzarrak Alaitz Erkoreka Baraiazarra aukeratu zuen 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai. Horrela, egungo alkateak bigarren agintaldi baterako hautagai izateko erronkari aurre egingo dio, 2023an Alkatetza hartu ondoren, legegintzaldi honetan bultzatutako udalerri-proiektuari jarraipena emateko helburuarekin.
Udal-politikan ibilbide sendoarekin, 2015etik gobernu-taldeko kidea da Erkoreka Baraiazarra, non, 10 urtez baino gehiagoz, alkateorde eta zinegotzi izan da Kultura, Euskara, Antolaketa, Gardentasuna, Komunikazioa, Hirigintza eta Ingurumen arloetan, baita 2023tik alkatetza ere. Bere agintaldian zehar, nabarmendu behar da proiektu estrategiko ugari bultzatu direla, hala nola Alkartasuna eraikina, non oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta udaltzaingoa dauden; Babes Ofizialeko Etxebizitzak, udalerriko gazteentzat lehentasuna dutenak; edo igogailu inklinatua Leizaola Lehendakari kalean osasun-zentrorako irisgarritasuna hobetzeko, besteak beste.
Mungiako EAJ-PNVk nabarmendu duenez, “pertsona prestatua da, udal-kudeaketan esperientzia du, lidergo-gaitasuna du eta talde-lanaren defendatzaile sendoa da”, eta gertutik ezagutzen ditu udalerriaren errealitatea eta mungiarren beharrak. Era berean, azpimarratu dute azken urteetan egindako lanari eta erakundean zein herritarrengan sortutako konfiantzari erantzuten diela.
Datozen urteei begira, Alaitz Erkoreka Baraiazarraren hautagaitzak bere agintaldi planean ezarritako lehentasunetan aurrera egiten jarraitzea du helburu. Lehentasun horien artean, etxebizitzarako sarbidea, zerbitzu publikoen hobekuntza eta udalerriaren garapen orekatua nabarmentzen dira, Mungiaren papera indartuz Mungialdeko buru gisa.
Biografia
Alaitz Erkoreka Baraiazarra, 52 urteko mungiarra, Enpresa Zientzietan eta Musikan eta Pianoan diplomaduna da. Gaztelaniaz, euskeraz eta ingelesez hitz egiten du. Ezkonduta dago eta alaba biren ama da. Erkoreka beti egon da kulturari, euskarari eta hezkuntzari lotuta. Euskararen arloan, euskara klaseak eman zituen Uztarri elkartean; hezkuntzan Larramendi ikastolako kontseilu errektoreko kide izan zen; eta Kulturan, 20 urte baino gehiago eman zituen Andui elkartean Olentzeroren etorrera antolatzen eta Lauaxeta herri antzerkian parte hartu du.
Mungiako alkateak jasotako babesa eta konfiantza eskertu nahi izan ditu, eta erronka berri honi “lehen eguneko erantzukizun, konpromiso eta ilusio berarekin eta Mungiako bizilagunen ongizatearen alde lanean jarraitzeko borondatearekin” aurre egingo diola ziurtatu du.
Halaber, “lan handia dugu aurretik. Azken urteotan guztion artean eraiki dugun Mungiako proiektuan aurrera egiten jarraitu nahi dugu, udalerri hobea, inklusiboagoa, berdeagoa, euskaldunagoa eta iraunkorragoa sendotuz. Hurbiltasunetik lan egiten jarraituko dugu, mungiarrei entzunez, haien beharrei eta nahiei erantzunez, eta elkarrizketaren, akordioaren eta gardentasunaren alde eginez, politika egiteko dugun moduaren oinarri gisa”.
Nabarmenak...
BERRIA
2025/07/18
BBB
2024/09/13

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























