Prentsa Aretoa
2016/09/23
Urkulluk Euskadiko gazteriari: “Botoa emateak merezi du eta EAJren botoa da egoerarekin ados ez dagoenak eta gauzak aldatu nahi dituenak ematen duena”
Bilboko Areatza txiki utzi duen 6.000 alderdikide eta alderdizaleren aurrean, Lehendakariak, Andoni Ortuzarrek, Joseba Egibarrek eta Josu Erkorekak euskal herritar guztiak deitu dituzte "Euskadik etorkizuna jokoan izango duen" hauteskundeetan parte hartzera.
Andoni Ortuzar. Bilbao-Arenal. 2016.09.23
HITZALDIA - 2016/09/23Iñigo Urkullu. Bilbao-Arenal. 2016.09.23
HITZALDIA - 2016/09/23
“Mezu bat Euskadiko gazteriarentzat: merezi du parte hartzeak, botoa emateak, merezi du igandean Euskadirentzako onena erabakitzeak. Merezi duen Herria daukagu. Baina, ez gaitezen gure burua ederresten geratu. Ez gara konformatuko. Ez naiz konformatuko. Hobeto egin behar dugu, hobetu ahal dugu. Gehien behar dutenengatik egin behar dugu, gazte guztiengatik. Hori da bihotzez hartzen dudan konpromisoa. Paternalismorik gabe, berba polit baina faltsurik gabe. Ez dizuet beteko ez dudana aginduko. Esfortzu bat partekatzera gonbidatzen zaituztet. Gazteek EAJri ematen dioten botoa konforme ez dagoenaren botoada, hobetu nahi duenarena, egiazko errealitateari aurre egin nahi dionarena, den moduan, esfortzuarekin eta lanarekin". Euskadiko gazte guztiei bidali dien mezuarekin itxi nahi izan du hauteskunde kanpaina hau Lehendakari eta berraukeratua izateko aurkezten den hautagai jeltzale Iñigo Urkulluk. Bilboko Areatza txiki geratu da lider eta hautagaiekin batera EAJ-PNVren hauteskunde kanpaina ixteko egin den ekitaldira hurbildu diren 6.000 alderdikide, alderdizale eta lagunekin. Hamabostaldi honetan alderdi jeltzaleak hamabost proposamen aurkeztu ditu, egun bakoitzeko bat. Horietako nagusienak izan dira langabezi tasa %10etik jaistea, industria BPGren %25era iristea enplegu gehiago eta kalitate hobekoa sortzeko; 20.000 gaztek lehen lan esperientzia izan dezatela; euskal gizarte eredua finkatzea; Bake eta Bizikidetza sendotzea eta gure autogobernuan aurrera egitea, Euskadi nazio gisa aitortua dela bermatuta eta Estatuarekiko aldebikotasun harremanetan oinarri hartuta.
Urkulluk era berean aitortu du Euskadik arazoak dituela. Ezagun ditu arazo horiek eta hitzeman du arazo horientzako konponbideak bilatzen jarraituko duela: "Kanpaina honetan kontuan hartu ditugu zuek esan didazuen guztia ‘Ez zaitezte beharrean daudenekin ahaztu ’; ‘Gazteek zuen lehentasunen artean egon behar dute’; ‘Bakerako hasi duzuen bidea ondo amaitu beharra dago’; ‘Izan itzazue gogoan lanposturik ez dutenak, pentsatu enpleguan ’; ‘Jarrai ezazue Herri hau zaintzen’. Ane, Sergio, Diana, Mikel, Aitor, Estibaliz, Jon Ander: zuen hitzak dira une honetan hartzen dudan eskularrua. Gure Egitasmoa eta gure konpromisoa dira. Gure idearioa soziala da. Gure idearioa bizikidetza da. Gure idearioa haztea da: ekonomia produktiboa babestea, enplegua sortzeko; aberastasuna sortzea oinarrizko zerbitzuak bermatzeko; haztea, partekatzeko. Gure idearioa Euskadi da" esan du,Euskadi suspertzeko bidean dagoela eta Europari begira dagoela aldarrikatu duen neurri berean.
Urkulluk mugitzera eta botoa ematera deitu ditu EAJ-PNVren alderdikideak, alderdizaleak eta hautesleak. "Benetan garrantzitsua orain bizi dugun momentu hau. Jokoan dugu Euskadiren etorkizuna. Etorkizun ekonomikoa. Etorkizun soziala. Etorkizun politikoa. Egitasmo argia, serioa, zehaztua eta zehatza eskaintzen dut. Gobernu egonkorra, sendoa, indartsua eta irekia. Zure konfiantza eskatzen dut etorkizunari begiratzen dion Euskadi eraikitzeko: emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin, berdinak izan gaitezen enpleguan, osasunean, hezkuntzan, gizarte babesean, berdinak bizikidetzan, eta berdinak Euskadi eta Espainiaren arteko harremanetan. Boto baikorra. Boto eraikitzailea. Orain dugun egoerarekin konformatzen ez denaren botoa. Boto bakoitzak du balio handia. Euzko Alderdi Jeltzalearen boto guztiak”, esan du hautagai jeltzaleak, eta amaitzeko zera esan nahi izan die herritar guztiei “igandean noren alde bozkatuko duten erabaki gabe dutenei gauza bat esan, eskatu eta proposatzen diet: Euskadi bozkatu , etorkizuna bozkatu, zurea bozkatu. Ez izan zalantzarik. Konfiantzazkoak gara. Elkarrizketarako botoa. Errealismoan oinarritutako botoa. Benetako botoa. lan egiteko botoa. Gu gara Euzko Alderdi Jeltzalea. Euskadiren alde egingo duen botoa gara, Zalantzarik ez izan" amaitu du Arabako zerrendaburu jeltzaleak .
Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek bertaratuei ohartarazi nahi izan die azken egunotako inkestek agerian utzi dituzten emaitza onengatik eman daitekeen desmobilizazioaren aurrean. Ez dago erlaxatzerik, esan du "hautestontziak botoekin bete behar dira eta botoak dira gehiengoak ematen dituztenak" esan du jeltzaleen buruak, eta "Euskadik bere etorkizuna jokoan duela " azpimarratu du ."EAJ-PNVren proposamenen aurrean, Ortuzarrek deitoratu du beste alderdiek "nahasmena eta zentzugabekeriak" aurkeztu izana. Podemosen ‘Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errenta Renta´, Bilduk proposatutako ez dakit zenbat funtzionario berriak, sozialisten bideo zatarrak, PPren joko zikina Ciudadanosi azken birrinak kentzearren, Madriletik etorri diren parakaidistak.... Herri hau horien eskuetan utziko al dugu? Horien eskuetan?Jendeak behar dituen gauzetan baino, elkar iraintzeko eta elkar zauritzeko moduetan pentsatzen dutenen eskuetan? Ezinezkoa dena agintzeko arazorik ez duten horien eskuetan? Botoa lortzearren jendea engainatzeko problemarik ez dutenen eskuetan? Ez, ezin da izan" ohartarazi du Ortuzarrek. “Horrenbesteko arinkeriaren aurrean, horrenbesteko demagogia merkearen aurrean, gu gaude, EAJ. Urkullu Lehendakariak kanpaina honetan egunez egun azaldu duen alternatiba. Hamabost erronka eta 1.800 proposamen. Ez da eskaintza makala. Konpromiso zehatzak. Eta gizarte honi hitzeman diogu denak beteko ditugula, banan-banan", amaitu du.
Nabarmenak...
BBB
2024/09/13
EBB
2024/01/27
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27