Prentsa Aretoa
2014/07/12
Ikurrina “europar zeruan beste nazioetako banderen ondoan, berdinen artean” jartzeko konpromisoa berretsi du EAJ-PNV
Andoni Ortuzarrek ikurrina euskaldun guztiak elkar ulertzeko esparru gisa aldarrikatu du “bakoitzaren arraza, inguruabarrak edo ideologia kontuan hartu gabe”, euskal aberriaren bandera lehen aldiz altxatu zeneko 120. Urteurrena betetzen den honetan
EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek Euzko Alderdi Jeltzaleak ikurrinari egin dion omenaldian berretsi du berak nahi duela erakundeen balkoietan "ikurrina" baino ez egotea eta berretsi du EAJren nahia "ikurrina askatasunez eta demokrazian adierazitako borondateak jartzea nahi dugu.Lan horretan ari da euskal abertzaletasuna. Euskadi Europan Nazio askea izan dadin. Ikurrina europar zeruan egon dadin, beste nazioetako banderen ondoan, berdinen artean. Herri bat ez da eraikitzen masta batean bandera bat edo beste jartzen delako. Herri bat egunez egun eraikitzen da. Kontzientziak bereganatuz. Erakunde batzuekin identifikatuta sentitzen den elkargo soziala osatuz, erakunde horiek ordezkatzen dutela senti dezaten" gaineratu du.
Ortuzarrek argitu du berak ez duela gustuko ikurrinari bandera deitzea "banderak denak dira" azpimarratu du "baina gurea ikurrina da.Ikurrina,besterik ez. Sortua izan zenean ez zen egin ezeren edo inoren kontra egiteko. Baina urte luzeetan jazarria izan zen iraultzaile jotzen zutelako. Egur gogorra eman diote. Zenbatetan mastatik jaitsi eta apurtu duten! Zenbatetan! Ikurrina debekatzean herri hau eta bere sentimenduak indargabetzen zutela pentsatzen zuten. Guztiz alderantzizkoa lortu zuten. Kentzen zuten bakoitzeko, bost gehiago jartzen ziren. Euskaldunen borondatea zelako. Herri honen borondatea. Eta, hona hemen borondate hura. Ikurrina haizean dantzan. Aske". Jeltzaleen buruak gaineratu duenez "Ikurrinak asko eta asko ikusi du 120 urte hauetan. Asko. Ona eta txarra. Denetatik egon da. Batzuek jazarri egiten zuten, besteek beraien terrorismoa zuritzeko erabiltzen zuten. Erailketa eta estortsioa babesteko. Eta, odolez zikindu zuten. Errugabeen odola. Biktima horiek ere ez ditugu ahaztu nahi. Eta, argi gera dadila: Ez zen Euskadiren mesedetan izan, ezta ikurrinaren izenean ere".
Amaitzeko, ehunka pertsona bildu dituen ekitaldian, jeltzaleen buruak zera esan du hunkituta "Ikurrinean dago gu garen guztia. Hemen dago gure historia.Hemen dago Agirre lehendakariaren lehen Gobernua. Hemen daude gerra aldia eta erbestea. Hemen daude 37ko ume haiek. Hemen daude Euskadiren alde erori ziren gudari guztiak. Hemen ere badago Zazpiak Bat. Eta, diaspora ere bai. Hemen dago demokrazia. Autogobernua. Hemen daude gure erakundeak, herri honek eman duen aurrerako pausua. Eta, euskara ere bai. Gure kultura. Hemen daude Everest gailurra eta Pirinioetako mendateetako maldarik gogorrenak. Kiroletan erdietsitako lorpenak. Hemen da euskal industria. Ezagutza. Hezkuntza. Gure unibertsitateak. Gure herri eta hiriak. Gure baloreak. Gure hitza. Euskaldunen hitza. Eta, batez ere, hemen gaude guztiok. Guztiok gaude ikurrinaren barruan. Herri honetako emakume eta gizonak. Berdin dio arrazak, bakoitzaren inguruabarrek edo ideologiak. Ikurrinaren barruan abertzaleak,sozialistak,anarkistak,errepublikazaleak edo komunistak egon direlako. Ikurrina honen baitan gaude denok. Guztiona da, guztientzat da".
Andoni Ortuzarrek bere hitzaldian gaur zendu den Nestor Basterretxearekiko hitz batzuk ere izan ditu eta bertaratutako guztiei eskatu die minutu bateko isilunea egitea.
Ikurrinari omenaldia Euskeldun Batzokija- Bilbo Zaharreko Tenderia kaleko Batzokian hasi da, Andoni Ortuzarren eta Uri Buru Batzarreko presidenta den Begoña Arteagak ikurrina altxatu dutenean. Bilbotarrak abesbatzak Euzko Abendaren Ereserkia abestu du Andoni Ortuzar EBBren presidentearen, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta gainerako agintari eta kargu jeltzaleen begiradapean. Gero, epoka ezberdinetako 12 ikurrinei jarraituta, jeltzale alderdikide eta alderdizaleak Korreo kaleko 1. Zenbakira joan dira, eta Euskeldun Batzokija-Bilbon EAJ-PNVren lehen egoitza izan zen toki hartan ohorezko aurreskua dantzatu da. Jarraian Arriaga Enparantzara abiatu dira eta Ikurrina masta erraldoi batean jarri da eta ekitaldi politikoari eman zaio hasiera, Andoni Ortuzar EBBren buruak bertaratu guztiei esan dizkien hitzekin. Jaia amaitzeko, Euzko Gudariak abestia kantatu dute. Ikurrina omentzeko ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Josu Erkoreka eta Juan Mari Aburto sailburuak; Eusko Legebiltzarraren presidenta den Bakartxo Tejería; EBBren burukideak Pilar García de Salazar, Koldo Mediavilla, Gonzalo Saenz de Samaniego, Nekane Alonso, Txaro Goikolea, Xabier Agirre, Itxaso Atutxa eta Joseba Egibar; Kongresuko euskal taldearen bozeramaile den Aitor Esteban; Izaskun Bilbao eurolegebiltzarkidea; Bilboko alkatea Ibon Areso; Eudeleko presidenta den Ibone Bengoetxea; eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenta Ana Madariaga.
Nabarmenak...
BBB
2024/09/13
EBB
2024/01/27
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27