MUNGIA

Prentsa Aretoa

2014/12/03

EBBren adierazpena Euskararen Nazioarteko Egunean

“Niretzat euskara premia bat da. Nork esanen du ogia maitatzen duela? Ogia ezta maitatzen, behar izaten da. Hala pasatzen zait niri euskararekin: eztut maitatzen, behar izaten dut”. Gabriel Aresti

rss Ezagutzera eman
EBBren adierazpena Euskararen Nazioarteko Egunean

ARGAZKIA JAITSI

Euskal gizarteak argiro erakusten du, eguneroko ibilbidean, sendo bezain irmoa dela euskara biziberritzeko hartua duen erabakia. Milaka eta milaka dira, adibidez, helduan euskara ikasteko urratsa egiten dutenak. Nagusi dira, eta gero eta nagusiago, seme-alabentzat euskarazko irakaskuntza hautatzen duten gurasoak, askotan haiek euskara menderatzen ez dutelarik ere. Gero eta gehiago hazten ari da euskal hiztunen kopurua, gero eta gizarte elebidunagoa osatzen ari gara. Gero eta eremu gehiagotan dugu euskara ikusgai eta entzungai. Gero eta biziagoa dugu euskara, gero eta bizikidetzarako baliagarriagoa.

Txalotzeko modukoa da, zalantzarik gabe, euskal gizartearen jarrera emankorra. Eta txalotzekoa da, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko herri erakundeek, bakoitzak bere eremuan, azken hogeita hamar urteotan egin duten lana, euskara biziberritzeko ahaleginean.

Euskararen Nazioarteko Eguna guztiz une egokia da euskararekin dugun konpromisoa berretsi eta lau haizetara zabaltzeko. Eta euskara bera lau haizetara zabal dadin, euskara gero eta gehiago, gero eta gauza gehiagotarako, gero eta toki gehiagotan erabiltzekoa dugu konpromisorik funtsezkoena. Euskara erabili. Berriz ere erabili. Eta behin eta berriro erabili. Horixe da gure hizkuntzari benetako arnasa emateko modurik seguru eta eraginkorrena.

Eta, jakina, EAJ-PNVk politikagintzaren eremutik euskal gizarte osoari luzatzen dion gogoeta honetan ez dugu geure burua eginkizunetatik baztertzen. Aitzitik, geure herrikideei euskara erabiltzeko gonbita luzatzeaz bat, geure buruari gonbita ez, baizik eta benetako konpromiso praktikoa exijitzen diogu, ezinbestez. Gure alderdiaren izenean gizarte berdinkideago eta kohesionatuago baten aldeko politikagintzan ari garenok ezin baitugu inolaz ere euskararen aurrerabidean oztopo gertatu; ezin baitugu inolaz ere euskara sustatzearen aldeko politika baten predikatzaile huts izan, aldi berean euskal hiztun gisa ahal dugun guztietan jokatu ezean. Barkaezina litzateke aldarrikapen hutsaletan geratzea. Eta guk ez dugu halakorik egingo.

Eta politikagintzaren eremutik atera gabe, guztiz garbi dugu guk ez dugula euskara sekula erabiliko abantaila politikorik ateratzeko. Izan ere, eta Mitxelena maisuak beti bezain zuhurki gaztigatu zigunez, “euskara ahulegia baita armatzat hartzeko”. Aukera-berdintasuna nahi dugu guk, bai, euskararentzat. Horrela bakarrik eraiki baitaiteke, gurean, elebitasun gero eta orekatuago batean bizikidetza armoniatsuan aurrera doan gizarte bat. Eta hori da gure helburua, euskara sustatzeko politikak bultzatzerakoan. Denon artean, denok garelako ezinbestekoak euskara biziberritzeko ahaleginean. Ahalik eta adostasun zabalenean, horixe baita hizkuntza politika iraunkor edo sostenible baten giltza. Arrakastaren eta etorkizunaren giltza. Euskararen erabilera etengabe indartzeko ezinbesteko gakoa.

Poetaren hitzetatik abiaturik, lau haizetara esan dezagun, elkar hartuta: Euskaraz egiten dut, euskara behar dudalako!

Next Euskadi