Prentsa Aretoa
2015/04/28
MONTE BERRIAGA HIRI ELKARTEKO ORDEZKARIENTZAKO GUTUN IREKIA
Jaun-ander agurgarriok:
Mungiako beste etxe askotan bezala, aspalditxo jaso genuen zuok kaleratutako idazki bat, Monte Berriaga urbanizazioaren eta Mungiako Udalaren arteko gatazkaren gainean jarduten zuena. Egunotan beste idazki bat jaso dugu Monte Berriagako etxeean banatu egin ei dena.
Ez gara hemen gora eta behera hasiko idazki horietan aipatzen diren baieztapen ez zehatzak direla eta. Horrekin ez goaz inora. Gure arrazoiak eta argumentazioak behin eta berriro azaldu ditugu azken urteotan. Garrantzitsutzat joten ditugun alde batzuk azpimarratu nahi ditugu, ordea, besterik ez.
Arazoaren abiapuntua argi-argia delakoan gagoz. Bere sasoian “La Bilbaina” deitu zitzaion urbanizazioa eraiki bazen, baldintza batzuk betetzen zituelako izan zen: urbanizazio gastuak, mantenimendua, zerbitzuak eta abar bertako bizilagunen kontura izango ziren betiko, eta horrela onartu zuten orduko Udalak eta auzokoek eurek. Era berean, egia da legedian egin diren aldaketa batzuek ordenamendu-aldaketa batzuk sartzeko aukera eman zutela eta Berreagamendi etxe-taldeko gehienek (horrela ulertzen dugu, behintzat) horren alde egin zuten, epai-bideari hasiera emanez.
Edozelan ere, edonork uler dezake gure Udala, udal moduan, behartuta zegoela eta behartuta dagoela herritarrontzat kaltegarria izan daitekeen edozein aldaketaren kontra egitera; horrela ez jarduteak udalaren funtzioei eta ardurei uko egitea izango litzateke, delitutik gertu-gertu egon litekeen jarduteko modua izanda.
Ondo dakizue (gainerako mungiarrok bezala) Monte Berriaga-ri dagozkion erabakiak eta udal jarduerak (epai-prozesuari berari buruzkoak barne) beti alderdi ia guztien aldeko botoekin eta onespenarekin egin direla, hau da, EAJ-PNV, Bildu, EH, EA, Aralar-IU eta PSE-EE; denak alde. Hala ere, azken bi idazkietan ikusten denez, kargua utzitako Alkateagan fokalizatu nahi izan duzue gatazka osoa. Jakin, badakizue horrelako pertsonalizazio hori ez datorrela bat udal jardueren errealitatearekin. Beste alde batetik, gure alderdian behintzat, ez ditugu horrelako jarduerak jarduera politiko zintzotzat jotzen; komunitate horretako oraingo Zuzendaritza Batzordeko kideengan pertsonalizatzea bezala izango litzateke. Eta, oraintsu, berriro ere, alkate-ohi izan arren astitzen saiatzea ez da onargarria eta gainera alferrikakoa eta bidegabekoa.
Gertakarien joanak argi erakusten digu epaiketen bideak ez duela arazoa soluzionatuko eta, gainera, geroan, arazo berriak sortuko dituela. Inork ez du dena irabaziko, baina denok (Mungiako auzoko guztiok) zeozer irabazten joan gaitezke. Hainbatetan saiatu dira EAJ-PNV-ko udal ordezkariak (pluralean beti) irtenbideak ematen, Komunidadearen Ordezkariei proposamen zehatzak eginez, horixe baita –etxejabeen ordezkaritza– Udalaren solaskide edo interlokutore legezko bakarra; ez dira orain arte onartu.
Gure alderdiaren jokabidea historikoki bat bera izan da: soluzioak bilatzea tokatzen zaigu, mungiar guztion interes orokorrerako, hori bai; eta jokaera horretan jarraituko dugu. Eta gure esperantza da, zuok ere, legez edo izenez edozelan eratzen zaretela ere, irizpide eta asmo horren alde egotea.
Begirunez, jaso gure agur zintzoa
Mungiako EAJ-PNVko Uri Buru Batzarra
Nabarmenak...
BBB
2024/09/13
EBB
2024/01/27
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27