MUNGIA

Prentsa Aretoa

2015/05/16

Entzun eta erantzun. 2015-2019rako Programa

EAJ-PNV-n argi daukagu: lehenengo entzun eta, ostean, proposatu. Alderdi edo talde moduan daukagun urtetako eskarmentuak ondo erakutsi digu Mungian behar dena ondoen dakigunok berton bizi garenok garela. Denok, nork bere ikuspegitik. Herri bat, nazio bat, behe-behetik eratzen da, etika politikoa nagusi, denon ongizateari begira, bertoko bizilagunakaz bat eta luzarora begira. Hemen ez duzu topatuko gezurrezko promesarik, ezta inork egiten duena dela eta kritikarik. Nahiago dugu egiten dugunagatik baloratzea, hankasartze eta guzti, apal-apal baina harro gagoz eta egin dugunaz eta, batez ere, gure Herriagatik eta Mungiagatik egin nahi dugunaz.

rss Ezagutzera eman
Entzun eta erantzun. 2015-2019rako Programa

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNV-n argi daukagu: lehenengo entzun eta, ostean, proposatu. Alderdi edo talde moduan daukagun urtetako eskarmentuak ondo erakutsi digu Mungian behar dena ondoen dakigunok berton bizi garenok garela. Denok, nork bere ikuspegitik.

Herri bat, nazio bat, behe-behetik eratzen da, etika politikoa nagusi, denon ongizateari begira, bertoko bizilagunakaz bat eta luzarora begira.

Hemen ez duzu topatuko gezurrezko promesarik, ezta inork egiten duena dela eta kritikarik. Nahiago dugu egiten dugunagatik baloratzea, hankasartze eta guzti, apal-apal baina harro gagoz eta egin dugunaz eta, batez ere, gure Herriagatik eta Mungiagatik egin nahi dugunaz.

Orritxo hauetan datozen lau urteetan burutu nahi ditugun proiektu batzuk ipini ditugu; hortxe dabiltz azken hilabeteotan kontsultatu ditugun herrikideok eman dizkiguzuen hainbat eta hainbat ideia. Betiko moduan, eskerrik asko zuen laguntzagatik.

Ea gustuko dituzuen, ba, gure proposamenak. Hori bai, guk, EAJ-PNV-k, behintzat, garantia osoa ematen dizugu esandakoa bete egingo dugula.

 

DIRU PUBLIKOA DENONA DA ETA HALA IZAN BEHAR DU

 

Seguruenik arraroa irudiko zaizu lehengo gaia dirua izatea. Baina, bai, diruaz ere hitz egin behar. Izan ere, diru hori zurea da. EAJ-PNVk  herritarrengan, iraunkortasunean eta kaudimenean edo solbentzian oinarritutako politika ekonomikoa proposatzen du. Eta egin egingo dugu.

1. Gure lehentasun nagusia pertsonak dira, baita herri osoarentzat onuragarria eta errentagarria dena ere, bai gastuetan eta bai zergetan. Guztionak diren baliabideak banatzeko  irizpide nagusi bi erabiliko dira: berdintasuna eta beharrizana; inork ez du izango “berea” hartzeko eskubiderik.

2. Guztion onerako diren proiektuetan baino ez gara zorpetuko. Zorrik gabeko  sistemarako bidean jarraituko dugu. Eta guztiona den kutxaren aldekoak gara, politikakerietara jo gabe.

3. Ez dugu zentzugabeko inbertsiorik egingo, hau da, mantentze-lan handiegiak sortuko edo ostekoak urteetan zorpean utziko dituenik, azken baten, osteko horiek gu geu eta gure seme-alabak izango gara eta.

4. Argi eta garbi: diru-kontuak eta kontratazio publikoak horrela egiten jarraituko dugu, alderdi guztiak mahaian direla eta modu publikoan.

Zerbitzuei eusten eta euren kalitatea hobetzen segituko dugu, beharrezko diren gaietan aurrera-pausuak eta aldaketak eginda eta eraginda. EAJ-PNVk ez du bere ikusmuga hurrengo hauteskundeetan jarri, baizik eta datozen urteetan. Gure proiektua zuretzat eta ostekoentzat ere bada eta.

 

 

LANEAN GABILTZA ETA LANEAN JARRAITU NAHI DUGU

 

Hauxe izango da gure lehentasunik nagusienetako bat. Izan ere, ezin gara lasai bizi gure inguruan lan egiteko gogoz baina lan egin ezinik dauden mungiarrak ikusten ditugun bitartean. Ezin gara kanpotik begiratzen gelditu lan-gaiak ez direlako Udalaren eskumenekoak. Egin egin behar dugu.

5. Herri eta eskualde mailan dauzkagun tresnak koordinatuko ditugu: Behargintza, Udal administrazioa, Lanbide, Institutua (Lanbide Heziketa). (Enplegu Foroa eta Mahaia; eta Ekonomiaren Behategia)

6. Lan-mundurako sarbidea errazten saiatuko gara: lanerako orientazio zerbitzua indartuko dugu; Behargintzaren bidez, lan-eskariak non dauden ikusteko sistemak erabilita,  prestakuntzarako ekintzak burutuko ditugu; langabeziaren kontrako tresna nagusitzat prestakuntza eta kualifikazioa erabiliko dira; gazteentzako prestakuntza espezifikoa eskainiko da, Mungiako enpresetan praktika ordainduak egiteko aukera emanda.

7. Zuzeneko enplegua sortuko dugu: eskualdeko udalerriekin elkarlanean, aldi baterako lanpostuak sortzeko  urteroko planak egingo dira (herri mailan enplegua sustatzeko ekimenak).

8. Ekintzaileei laguntzen segituko dugu: enpresak sortzeko tramitazioa erraztuko dugu; hitzarmen bidez enpresa-haztegi edo coworking-gune bat sortuko dugu ekintzaile txikientzat edo sortze-bidean diren enpresentzat.

9. Inguruko enpresekin −txiki eta ertainekin, batez ere− lankidetzako programak garatuko ditugu urtero-urtero: enpresa horien interesekoak diren gaietan ekimenak zehatzak bideratzeko, besteak beste, ondoko arloetan: bide-seinaleak, energia aurrezteko moduak, diru-laguntzak eta lortzeko bideak. Enpresen arteko elkarlanerako bideak sustatuko dira, maila txikian.

10. Industriarako lurrak gorde aurrerago sor litezkeen aukerak aprobetxatu ahal izateko eta aukera horiek modu aktiboan bilatu.

11. Eusko Jaurlaritzarekin batera Lanbide Heziketako zentro berri bat eraikitzea sustatu, zentro integrala izango dena, 1etik 3rako kualifikazio maila eta espezialitate gehiago eskainiko dituena.

 

 

DENOK EGIN ETA DENOK BIZI DITUGUNAK

 

EAJk Mungia bizi eta bizkor baten aldeko apustua egiten du, denetariko merkataritza izango duena eta gaur egungo kontsumo-beharrizanei ondo egokituko dena. 

12. Mungiako gizarte-eragileekin batera, Merkataritzako Mahaia berformulatu egingo dugu, sektorea dinamizatzeko organo eraginkorra izan dadin, ahalik eta Mungiako merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako negozio  gehien batuta.

13. Merkataritzan arloan erreferente izan nahi dugu, eta ez bakarrik gure inguruan.

14. Merkataritzako Bulegoarekin elkarlanean, merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko jarduerak garatuko ditugu, baita sektorearen maila profesionala hobetzeko ekimenak ere, besteak beste: prestakuntza ikastaroak, ezagupenak eta informazioa eskuratzeko tresnen zabalkunde kanpainak eta arrakasta izan duten proiektuen aurkezpenak.

15. Mungiako eta eskualdeko nekazal-produktuak eta euren marka bultzatuko ditugu, bai eta dauzkagun feriak ere, urtean 83tik gora hain zuzen (baserritarren plazea, abereen azoka, azoka ekologikoa, San Antontxu, Baserritarren eguna…). Horretarako, informazioa eta zabalkunde arloan ahalegin handiagoa eginda (laguntza publiko-pribatua).

16. Beste ekonomia-eragile batzuekin batera, Mungiak izan behar duen markaren irudia zehaztuko dugu.

17. Aurrera pausu bat egin nahi dugu baliorik handienekoa dugun ondare turistikoari, hain zuzen ere, Landetxo Goikoari, parke mitologikoari eta Olentzeroren Etxeari (Euskal Herri mailan erreferentziazkoa) aprobetxamendu handiagoa ateratzeko, hau da, bere onurak herri osoak errentabilizatu ditzan. Eta pausu hori proiektu honek eskaintzen dituen aukeretan sinisten duten guztiekin batera egin nahi dugu.

 

IBILI GABILTZA

 

Arlo honetan gure helburua Mungiak bere inguruarekin joan-etorri eta hartu-eman sare estua lortzea izan da eta da orain ere, mungiar guztiek euren arteko harremanak modu errazen eta atseginean eraiki ditzaten. Herriek eta pertsonok behar-beharrezkoa dugu elkarren arteko lotura hori.  

18. Mungiara metroa edo trena heltzeko beharrezko den lurra gordeko dugu. Konpromisoa hartzen dugu Mungiara metroa ekartzeko proiektuak erakundeen lan-agendetan egoten jarraituko duela. Lehenengo aireporturaino, eta gero, Mungiaraino.

19. Datozen lau urteetan Bilborako joan-etorriak egiten dituen Bizkaibus lineako ordutegiak zabaltzea lortu nahi dugu eta metroraino hel dadila. Urdulizko ospitalearekin garraio-lotura ona izatea eskatuko dugu.

20. Herrigunean, gure kaleen diseinua aztertzen eta hobetzen jarraituko dugu, kaleek ibilgailuen trafikoaren (pribatua, publikoa, eta bizikletena) eta adin eta era guztietako oinezkoen arteko elkarbizitza erraztu dezaten.

21. Urte bi bete aurretik mugikortasun plana birraztertuko dugu, proposamen berriak batuta.

22. Gaur egun, merkataritza eta zerbitzu gunean daukagun aldi baterako aparkatzeko doako sistema hobetzen jarraituko dugu.

23. Herriaren erdigunetik 5 minutura dauden ordutegi libreko aparkalekuen sarea handituko dugu.

24. Gure kaleetan irisgarritasuna hobetzeko, hau da, oztopo arkitektonikoak kentzeko politikari eutsiko diogu, zoru publikoa etxebizitzetako igogailuak jartzeko erabili ahal izateko Ordenantza onartuko dugu.

 

 

 

 

BERTON BIZI GARA

 

Hirigintza ikuspegitik herri orekatua lortu nahi dugu, bizitzeko atseginak diren kale eta auzoak izango dituen herria eraiki. Batetik, mungiar guztiok gure bizi proiektua garatzeko aukera eskainiko digun Mungia sortzea da gure erronka, eta bestetik, gure ostekoei utziko diegun herria gaur egungoa baino erosoagoa eta iraunkorragoa izateko bideak jorratzea.

25. Konpromisoa hartzen dugu datozen 15-20 urteetan Mungiak izango duen diseinua (Plan Orokorra) mungiar guztion artean erabakiko dugula. Ideia bat daukagu, baina ez daukagu presarik, behar den beste buelta emango diogu. Ez da-eta gure estiloa unean-uneko entzuleei belarriak gozatuko dizkieten erabakiak hartzea.

26. Gure auzoetako azpiegituren egoera hobetuko dugu. Datozen lau urteetan gutxienez 500.000€ inbertituko ditugu horretan. Lehentasunak bertako elkarteekin eta bizilagunekin batera ezarriko ditugu.

27. Berriro jarriko ditugu mahai gainean Berreagamendi zerbitzuen sare orokorrean sartzeko formula partekatuakk, bertako bizilagunek hala nahi badute

28. Larrabizkerren, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, alokairuan emango diren Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikiko dira,  baita jabetzan emango direnak ere. Eta Lauaxeta 8 eta 9ko bizilagunei azken horietan etxea hartzeko aukera ematea edukiko dugularik.

29. Eusko Jaurlaritzarekin batera, alokairuko etxebizitzen, etxebizitza hutsen, merkatua sustatzen ahaleginduko gara, Udalak horretarako diru-laguntza programa berezi bat sortuta.

30. Energia berriztagarrien erabilera handitu egingo dugu udal instalazioetan eta energiaren eraginkortasuna hobetzeko neurrietan aurrera pausuak emango ditugu. Agenda 21 bezalako programek urteetako lana eskatzen dute eta eutsi egin behar zaie. Aurrera jarraitzen konprometitzen gara.

31. Hondakinak birziklatzeko sistemari dagokionez, herritarrek euren borondatez eta oso-osoan sinistuta egitearen aldekoak gara, atzera bueltarik izango ez duten aurrera-pausu sendoak ematearen aldekoak. Urtean gutxienez sentsibilizazio kanpaina bi egingo ditugu.

32. 5. edukiontzia (hondakin organikoak huts-hutsean botatzekoak) jarriko dugu herri osoan.

33. Industria hondakinak murriztu eta hobeto kudeatzeko helburua duen E-berdea programa bultzatuko dugu herrian, oraindik ekimen horretan parte hartzen ez duten enpresei bere abantailak azalduta.

34. Gure esku dagoen guztia egingo dugu seguruak ez diren enpresa ekimenei aurre egiteko, besteak beste, fracking enpresei, kutsatzen dutenei… Garrantzitsuena segurtasuna eta osasuna dira.

 

EGUNERO EGITEN ETA BERREGITEN DUGU MUNGIA

 

Aisialdiaz disfrutatzeak luxua izateari utzi dio azken hamarkadetan; denok izan behar dugu gure aisialdia antolatzeko eta gozatzeko aukera, batera edo bestera.

35. Herriko elkarteen ekimenez sortutako kultur eta kirol eskaintzari emango diogu lehentasuna: elkarteen eta udalaren arteko lankidetza izango da EAJ-PNVk arlo honetan izango duen lan-ildo nagusia.

36. Agendagileak izeneko foroa (herriarentzat kultur edota kirol eskaintzaren bat duten elkarte guztiek osatutakoa) urtean birritan batuko da, Udalarekin batera, urteko agenda zehazteko.

37. Mungia kultur erreferentea bihurtzea nahi dugu, gure eskualdean ez ezik Bizkaia osoan ere bai. Eta asmo horren ardatzetako bat Olalde eta espazio publiko irekiak sustatzea izango da.

38. Herriko elkarte eta taldeen artean, lankidetzan, egindako kultur proiektuei lehentasuna emango diegu.

39. Kultur eta kirol elkarteen beharrizanen azterketa bat egingo dugu, espazioak eta lokalak elkarteen proiektu zehatzen arabera banatzeko.

40. Kirolaren eta kirol azpiegituren sustapenak maila eta helburu ezberdinak izango ditu: lehiaketa-kirola, klubetan oinarritutakoa; umeentzako kirola, hezitzailea eta baloreetan oinarritutakoa; osasun-kirola, adin guztietako herritarrentzakoa.

41. Kluben arteko egiturak sortzea sustatuko dugu, izan ere, elkar hartuta askoz ere errazagoa izango da datozen erronkei aurre egitea: legedia, ekonomia, kudeaketa…

42. Ezin gara konprometitu datozen lau urteetan igerileku edo kiroldegi berri bat egiteko. Hori bai, euron aurreproiektua eta mantentze-lanen gastuen azterketa egingo da eta herritarrei instalazio horiek egiteak ekarriko lituzkeen aurrekontu-konpromisoen berri emango zaie.

43. Kirol elkarteekin eta foro irekietan parte hartzen duten herritarrekin adostuko dugu datozen urteetarako kirol azpiegituren diseinua: Zubietalde, pistak, skate…

44. Gazteentzat erakargarriak diren eta Mungiarentzat balioa duten proiektuetan, gazte-jendearen inplikazioa bultzatzen saiatuko gara; eta batez ere, herri mailako proiektuetan belaunaldien arteko elkarlana sustatuko dugu, ez dugu-eta nahi Mungia adin-tarte bakoitzeko herritarrak euren gunetxoan, isolaturik, bizi diren herria bilaka dadin.

 

 

ELKARRI LAGUNTZEN DIOGU

 

Nagusiak, inoren pentsutan dagozanak, hauek zaintzen dituztenak, bakarrik bizi eta autonomiaz jardutea kosta zaienak, lanik gabe daudenak, urrunetik etorri eta gureratu nahi dutenak, gugandik urrun sufritzen dutenak ere...

Gizarte eredu bat aukeratu dugu eta tinko eutsi behar diogu.

45. Gizarte zerbitzuetarako eskubidea bermatu, garantizatu, egin behar dugu; honetan ere, Euskal Herrian, erreferentziagune izaten jarraitzea nahi dugu; oso osoko zerbitzuak nahi ditugu, kalitatezkoak eta, horregatik, hain zuzen ere, iruzurra kontrolatzeko prestatuak.

46. Gutxien-gutxienean, Hirugarren Mundua deritzonagaz dauzkagun laguntza-proiektuei eutsi egin nahi diegu. Mungian solidarioak izaten badakigu eta hala agertuko gara aurrerantzean ere.

47. Zerbitzuen giza baliabideak egokitzen joango gara (arriskuko gazteentzako beste hezitzaile bat gutxienez).

48. Prebentzioa izango da lehentasuna: familia, eskola eta herri arloetara bideratutako programak burutuko ditugu urtean urtean.

49. Onartu egin dugu, denok, Andrazko eta Gizonezkoen arteko III: Bardintasun Plana (Mungian).  Zehaztu eta garatu egingo dugu, beharrezko baliabideak ipinita. Agindutakoa bete egitea, besterik ez da.

50. Datozen urteetan, bakarrik bizi diren pertsona nagusien laguntza eta jarraipen programak landu eta zehaztuko ditugu,

51. Gizarte arloko eta enplegu zerbitzuen arteko koordinazioa indartu egingo dugu, azken batean, lan-merkaturatzea  da-eta denok nahi duguna.

52. Bertoratzeko, elkar ezagutu eta elkarrekin egon beharra dago. Integraziorako programak abiaraziko ditugu, gure kultura, hizkuntza, baloreak ezagutarazteko eta kulturen artekotasunaren balioak geureganatzeko.

 

JAKIN NAHI DUGU, PARTE HARTU NAHI DUGU

Herritarron parte hartzea Mungiako EAJ-PNV-ren ADNan dago. Urtebetean foro egonkor guztiak aztertu egingo ditugu, egokitu eta, egokia bada, gehitu egingo ditugu.

Norbanakoen informazioa goiburuan jartzeko unea da, gutariko bakoitzaren eskubidea da eta; bana-banaka ere parte hartzeko bideak zabaldu egin behar dira. Mungiar bakoitzak eskubide osoa dauka udal administrazioan berari dagokiona zehatz ezagutzeko eta gure Udalak hori bermatu, garantizatu, egin behar du.

53. Udalak egiten duen jardun zibil bakoitzean (uriko lanak, ekimen orokorrak...) horrek eragin ahal dien auzoko guztiekin kontsultaldiak egingo dira.

54. Bermatu egingo dugu edozein herritarrek udal arduradunekin egoteko aukera, bai teknikariekin, bai arduradun politikoekin. Asko jota, 10 egunetan egingo zaie guztiei lehenengo erantzuna.

55. Herritarren eskaerak, proposamenak, kexak eta horrelakoei erantzun zuzen eta arina emateko zinegotzi-arduraduna izendatuko dugu.

56. Udalaren informazio-bideak sinplifikatu egingo ditugu (mungiarra, agenda) eta toki handiagoa emango diogu IKTetan (informazio eta komunikazio teknologiak) oinarritutako informazioari.

57. Gardentasuna edo argitasuna jardun politikoaren etikaren oinarria dira: udalaren kontuak kontratatzeko batzordeetan, udalean dauden talde politiko guztiak egongo dira.

 

 

 

GEUREA DA, DANON ARDURA; UDALAK BEREA EGIN BEHARKO DAU. ETA NORK BEREA.

Gure erronkarik handiena egunean egunean euskaldun, normal-normal, izatea da, zeozer ohikoa, egunerokoa eta goxoa. Dakigunok daukagu eginbeharra eta ez dakitenen laguntza behar dugu. Udalak ere konpromiso zehatzak behar ditu.

58. Udal administrazioaren zerbitzuetan (jende aurreko guztietan) erabilera guztiz normaltzea da helburua, batez ere eragile izan daitezen. Erabilera Plan indartsua egin eta garatzeko konpromisoa hartzen dugu.

59. Onartutako Euskera Sustatzeko Plana bi urtetan bete-betean garatzeko konpromisoa hartzen dugu.

60. Jardunbideak eta ebaluazio jarduerak zehaztuko ditugu euskera transbertsala izan dadin udal jarduera guztietan: kirolean, merkataritzan, kulturan... Laguntza eskainiko diegu herri ekimenei eragileak eta bultzatzaileak izan daitezen. (Euskara-Elkarteak Programa eta Euskara-Merkataritza programak burutuko ditugu)

61. Urtean-urtean sentsibilizazio kanpaina bana gauzatuko dugu, arlo zehatzen batera bideratua: familia, gazteak, salerosketak, 10-14 urte artekoak...

62. Ahalik eta euskaltzalerik gehien batzen saiatuko gara, gure hizkuntzaren aldeko ekimenak bultzatzeko eta foroak osatzeko.

63. Udal ordezkariok eredu izan beharko dugu, lehenengo, eta horretan konprometitzen gara.

64. Arnasgune berriak sortuko ditugu eta sortzen lagunduko dugu (euskeraz berez funtzionatzen duten guneak) herriko eragileekin batera.

 

 

 

Mungian 2015eko maiatzaren 8an